GHK

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa

Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

ONARTU

GHK

Berriak

Gipuzkoak %60ko birziklatze-tasa lortzea aurreikusten du aurten, Zubietako azpiegiturei esker

Proba fase honetan, Zubietako Tratamendu Mekaniko-Biologikoko plantak errefusaren 600.000 kilo baino gehiagori eman dio tratamendu eta horietatik, 50 tona berreskuratu ditu, birziklatuak izan daitezen.

José Ignacio Asensio: “Zubietak posible egingo du birziklatze-tasak %60a gainditzea; hortaz, Gipuzkoak behar zuen aurrerapausoa izan da Europako herrialde aurreratuenen maila berean kokatzeko eta Europar Batasunak ezarritako helburuak hamarkada bat lehenago betetzeko”.

Birziklapenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko arduradunek ezagutzera eman dituzte Tratamendu Mekaniko-Biologikoko plantaren (TMB) funtzionamendu onaren datuak. Azpiegitura proba lanetan dago uztailean eraginkortasun osoz hasi bitartean. José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente eta Ingurumeneko diputatuak  adierazi duenez, “proba fasearen lehendabiziko aste hauetan, instalazioak 600 tona errefusari eman dio tratamendu eta horietatik, 50 tona berreskuratu dira”. “Gipuzkoa birziklapenaren arloan abangoardia da estatu mailan, gure birziklatze-tasa %52,41ean kokatu zen 2018an eta hau gertatu da hain zuzen, hori lortzeko beharrezko azpiegiturak martxan jarri ditugulako”, adierazi du foru arduradunak.

TMBak erantzuna emango dio gipuzkoarrok urtean sortzen ditugun 162.000 tona errefusari eta nahastuta datozen material birziklagarriak berreskuratuko ditu, sartzen den materialaren %8 eta %10 artean (papera eta kartoia, plastikozko ontziak, burdin metalak eta burdinarik gabeko metalak). Ondoren, hondakinak bio-lehorketarako plantara eramango dira, bertan bere pisua eta tamaina gutxituko dira eta balorizazio energetikoko plantaren ekoizpena eraginkorragoa izatea posible egingo du. Hondakinak pisuan %25 murriztea aurreikusten da fase honetan.

Halaber, TMBaren abiarazteari esker, zabortegira eramaten den errefusa frakzioaren zenbatekoa nabarmen gutxituko da, garraioarekin (83.000 kilometroren garraioa) eta hondakinen tratamendu ezarekin zerikusia duten ingurumen kutsadura modu adierazgarrian murriztuz. Alderdi ekonomikoari dagokionez, 889.761 euroko aurrezpena lortuko da 2019. urtean.

Honen inguruan Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, “Zubietak posible egingo du birziklatze-tasak %60a gainditzea; hortaz, Gipuzkoak behar zuen aurrerapausoa izan da Europako herrialde aurreratuenen maila berean kokatzeko eta Europar Batasunak ezarritako helburuak hamarkada bat lehenago betetzeko”.

G-advisory energia espezializatuta dagoen aholkularitzak eta IDOM ingeniaritzak egindako ikerketek ondorioztatu dutenez, Gipuzkoako Ingurumen Gunea lurraldearen energia berriztagarrien lehendabiziko iturria izango da, konposta sortzeko oinarrizko produktuen %25 gehiago ekoiztuko du eta zabortegietan oinarritutako aurreko kudeaketa sistemaren CO2 isurien 72.000 tona murriztuko ditu. Zentzu honetan, Asensiok nabarmendu du Ingurumen Guneak Gipuzkoa kokatuko duela “hiri-hondakinen gaian ingurumen jardunbide hoberenak dituzten herrialde eta eskualdeen artean“. “250 lanpostu sortuko ditu eta 912 milioi euro ekarriko dizkio gure lurraldeari“.

Gipuzkoako Ingurumen Gunearen eragin sozioekonomikoei buruz, analisiak dio Ingurumen Guneak eraikuntza lanean 360 lanpostu sortu dituela; ustiaketa epean (32,5 urte) 235 lanpostu egonkor, 100 zuzen eta zeharkako 135 sortuko ditu.

Itzulera ekonomikoak oso nabarmenak izango dira ere; 912 milioi euro baino gehiago izango dira, hain zuzen. Zuzeneko itzulera fiskalak 8,6 milioi eurokoak izango dira urtean, 289 milioi emakidaren 32,5 urtetan zehar. Sorrera berriko lanpostuen soldatak 7 milioi eurokoak izatea aurreikusten da urtean eta 228 milioi euro Gunearen funtzionamendu epean. Zenbateko honi 10,58 milioi euro gehitu behar zaizkio eraikuntzan ordaindutakoak. Guztira, 238,58 milioi euro. Emakidunek egindako inbertsioa gehitu behar zaio, beraz, 406,2 milioi euro lirateke guztira.

Bestetik, azterketak dio Ingurumen Gunean Gipuzkoako energia elektrikoaren sorreraren iturri nagusia izango dela eta nabarmen murriztuko duela lurraldearen mendekotasun energetikoa, egun %94 izanik, Europako baztezbestekoa baino askoz handiagoa.

Gipuzkoako Ingurumen Gunea osatzen duten gainerako azpiegituren obrak hasierako egutegia jarraituz ari dira egiten. Proiektuan zehaztutako epeak betez gero, 2019ko urrian hasiko dira funtzionatzen, dagokion proba aldiaren ondoren. Instalazio guztiak abian jarri eta gero, guneak urtean 160.000 MWh sortuko dituela aurreikusten da; kopuru hori aski izango litzateke 45.000 etxebizitza eta 130.000 lagun argindarrez hornitzeko.

Ingurumen Gunea 2019ko udazkenean abian jarritakoan, Gipuzkoak bere hondakinak era autonomoan kudeatzeko beharrezko azpiegiturak izango ditu beste lurraldeen mende egon gabe. Sistema berriak hondakinen kudeaketa integrala ahalbidetuko du, zabortegien beharrik gabe eta zero isuri gabe.