GHK

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa

Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

ONARTU

GHK

Berriak

Kontsortzioak 47,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2020. urterako

Tratamendurako tarifa % 5 igo da, Gipuzkoako Ingurumen Guneko (GIG) azpiegiturak erabat operatibo egon arte beharrezkoa baita hondakinak bi eratara kudeatzea.

José Ignacio Asensio: "Hondakinen kudeaketa, 2020an,  egonkortasun etapa batean sartuko da, Gipuzkoari bere beharrei erantzun integrala eskaintzeko gai izango den sistema iraunkorra bermatu ondoren.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzarrak, gaur egindako bileran, 47,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2019ko ekitaldirako. Ekitaldiko kontuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi euroko ekarpen orokorra egin du; bestalde, 39,2 milioi euroko diru-sarrera arrunta jaso da, tarifa berriak aplikatuta. Gainerako 2,2 milioi euroak finantza aktiboetatik etorriko direla aurreikusten da.

Gastuen kontuari dagokionez, 2020rako, Kontsortzioaren gastu operatiboa, 35 milioi eurokoa izango dela kalkulatzen da, eta 8 milioi euro baino gehiago Kontsortzioaren interesak eta finantza-gastuak ordaintzeko erabiliko dira.  Gainerako 2,2 milioiak inbertsioei eta finantza-eragiketei dagozkie. Jose Igancio Asensio Kontsortzioko presidenteak adierazi duenez, "hondakinen kudeaketa egonkortasun-etapa batean sartuko da 2020an, Gipuzkoari bere beharrei erantzun integrala emateko gai izango den sistema jasangarria bermatu ondoren". Era berean, Asensiok azpimarratu du egonkortasun hori Kontsortzioaren eta GHKren egoeran ere antzematen dela: "Egungo kudeaketari esker, aurreko desoreka-egoerak gainditu dituzte, eta aurrekontu orekatuari eusten diote, saneatutako kontu batzuekin".

35 milioi eurotik 28 milioi euro, errefusa kudeatzeko erabiliko da. Horretarako, bi bide erabiliko dira ekitaldian zehar: zati bat Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bidez tratatuko da, baimendutako koten arabera -kotak handituz joango dira pixkanaka-, eta beste zatia, balorizazio energetikoko planta erabat operatibo egon arte tratatu ezin dena, Bizkaira bidaliko da. Kudeaketa bikoitz horren harira, hondakinen tratamendurako tarifak aldatzea onartu du Hondakinen Kontsortzioak, % 5eko igoerarekin. Horrela, errefusaren tonako prezioa 173,11 €-tik 181,36 €-ra igaroko da. Biohondakinen tona bakoitzeko tarifa 147,95 eurokoa izango da.

Gaur egindako batzarrean Gipuzkoako Ingurumen Gunearen lehenengo fasea martxan jartzeko epeak luzatzea ere onartu da. Erabakia hartu aurretik, informazio espediente bat ireki du GHK-k, atzerapen horren arrazoiak, Ekondakin emakidadunak alegatu dituenak, aztertzeko. Eskatutako txosten teknikoak aztertu ondoren, egiaztatu da 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean izandako baldintza metereologikoek bost hilabeteko atzerapen justifikatua eragin zutela; atzerapen hori, beraz, emakidadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu da. Onartutako luzapenarekin, GIG martxoaren 3rako martxan izateko konpromisoa hartu du emakidadunak.

Beste gai batzuen artean, onartu da ondare erantzukizun zuzeneko espediente bati hasiera ematea,  2013ko azaroaren 25ean Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroaren aurreko proiektuaren eraikuntza geldiarazteko ebazpena berresten zuen erabakia onetsi eta aldeko botoa eman zuten agintarien aurka. Uztaileko batzarrean jada eskatu zen txosten juridiko bat, zeinak zehaztuko baitzituen, besteak beste, erabaki hori hartu zuten Batzarreko kideengan erantzukizun-zantzurik ba ote zegoen, erantzukizuna eskatzeko izapidetu beharreko prozedura eta balizko kalteen identifikazio eta kuantifikazioa.  Gaurko batzarrean onetsi den ebazpenak erantzukizun zuzeneko espedientea abiarazten du, eragindako kalte-galerengatiko balizko erantzukizunak eskatzeko, eta hitzarmen bat onartzen du, zeinaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen baitzaio laguntza teknikoa eman dezala espediente horren instrukzioa egiteko.

Aztertutako gainerako gaien artean, Batzarrak mankomunitateekin egindako lankidetza hitzarmenak eta konpentsazioak onartu ditu. Mankomunitateek, Hondakinen Lurralde Plan Sektorialaren arabera, kendu egin zituzten beren transferentzia-estazioak, eta beren hondakinak beste eskualde batzuetara garraiatu behar dituzte, gero tratamendu instalazioetara bidaltzeko. Konpentsazio horien kostu zenbatetsia 644.308 eurokoa izango da 2020an.