Gipuzkoako Ingurumen Gunea
1. FASEA |
2. FASEA |
1 TRATAMENDU MEKANIKO-BIOLOGIKOA | 2 BALORIZAZIO ENERGETIKOA | 3 ZEPEN HELTZEA | 4 BIOMETANIZAZIOA
1. fasea.- Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta (TMB) eta Balorizazio Energetikoko Planta (BEP)
Gipuzkoako Ingurumen Gunea (1. fasea) Donostiako Arzabaleta eremuan kokatuta dago.
Instalazioan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan sortutako hiri-jatorriko hondakinen errefusak tratatzen dira, honako hauek batez ere: etxeko hondakinen errefusak; etxeko hondakinekin pareka daitezkeen industria-, merkataritza- eta erakunde-hondakinen errefusak; lehen mailako hondakinen birziklapen eta konpostak sortutako bigarren mailako hondakinak; eta tamaina handiko hondakinak.
Hondakinen tratamendua bi unitate nagusitan egiten da:
-
Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta (TMB)
Lehenik eta behin, etxeko hondakinen errefusak prozesatzen ditu, tratamendu mekanikoaren bidez, bertan dauden material birziklagarriak berreskuratzeko (paper-kartoia, plastikozko ontziak, metal ferrikoak, material ez-ferrikoak, tetrabrikak eta abar). Horren ondoren, berreskuratu gabeko zatikia biolehortze-sistemara igarotzen da, hondakinen zatirik biodegradagarriena modu aerobikoan deskonposatzeko eta askatutako energia bero gisa erabili eta hezetasuna lehortzeko; horrela, hondakina lehortu egiten da, balorizazio energetikora bideratutako hondakin-kantitatea murriztuz.
Plantak honako fase hauek ditu:
- Hondakinak harrerako hobian jaso eta biltegiratzea.
- Aurretratamendu mekanikoa, berreskura daitezkeen zatikiak berreskuratzeko. Horretarako, poltsa-irekigailuak, sailkapen-tromelak, baliska- eta indukzio-bereizgailuak, bereizgailu optikoak, uhal garraiatzaileak eta hondakin-prentsa berreskuratuak erabiliko dira.
- Materiala 300 mm baino gutxiagoko tamainan birrintzea, biolehortze-fasea elikatu aurretik.
- Biolehortzea.
- Airea bioiragazki-sistema batekin araztea eta, horren ondoren, ikatz aktiboarekin iragaztea.
-
Balorizazio Energetikoko Planta (BEP)
Biolehortzean sortutako hondakina eta instalazioak onartzen dituen bestelako hondakinak prozesatzen ditu balorizazio energetikoaren bidez.
Honako jarduera hauek hartzen ditu barne:
- Energetikoki balorizatu beharreko hondakinak jasotzea eta biltegiratzea: hondakin biolehortua eta sarrera zuzenak.
- Bi (2) errausketa-lerroak elikatzea (urtean 100.000 tona prozesatzeko ahalmena dute, garabi-zubiaren bidez).
- Lurruna ekoizten duten eta turboalternadore baten bidez elektrizitatea sortzen duten bi (2) errausketa-labe.
- Gasak arazteko sistema independentea lerro bakoitzeko. Honako fase hauek hartzen ditu barne: sodio bikarbonatoa injektatzen den egokitze-erreaktorea; mahuka-iragazkiaren lehen fasea; SCR sistema (bertan disoluzio amoniakoduna injektatzen da); kaltzio hidroxidoa eta ikatz aktiboa injektatzen diren egokitze-erreaktorea; eta mahuka-iragazki bidez iragazteko azken fasea.
Ingurumen Guneak baditu beste instalazio osagarri batzuk ere, hala nola:
- Balen prentsa eta balen aldi baterako biltegia, geldialdi teknikoetarako eta mantentze-lanetarako.
- Lohiak jasotzeko sistema (Hondakin Urak Arazteko Plantatik datozenak).
- Planta fotovoltaikoa.
- Euri-urak biltzeko, garraiatzeko, tratatzeko eta biltegiratzeko sistema.
- Erabilitako uren sarea/prozesua.
- Lixibiatuen tratamendua.
- Erregai-depositua/Gasolio-sistema.
- Ingurumenaren interpretazio- eta hezkuntza-zentroa: ingurumenaren gela didaktikoa.
2. fasea.- Biohondakinak tratatzeko planta eta zepak balorizatzeko planta
Gipuzkoako Ingurumen Gunea (2. fasea) Donostiako Eskuzaitzeta eremuaren goialdean kokatuta dago.
Instalazioak, alde batetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan sortutako biohondakinen hiru laurdenak tratatzen ditu (Biometanizazio Planta), eta, bestetik, GIGeko Balorizazio Energetikoko Plantan (BEP) sortutako labe-hondoko zepen % 100.
Hondakin horien tratamendua bi unitate erabat independentetan egiten da. Unitate horiek honako hauek osatzen dituzte:
Biometanizazio Planta
- Aurretratamendu lehorra eta hezea.
- Higienizazioa.
- Digestio anaerobikoa.
- Digeritutako hondakinaren deshidratazioa.
- Digestua eta egituratzailea aldi baterako biltegiratzea.
- Konpostatze-Digestatzea.
- Fintzea.
- Efluente likidoen tratamendua.
- Biogasaren tratamendu, bilketa eta aprobetxamendua.
- Gas-emisioen tratamendua.
Zepak Balorizatzeko Planta
- Zepak jaso eta deskargatzea.
- Metalak bereiztea.
- Zepak heltzea.
- Heldutako zepak igortzea.
ORDUTEGIAK
Hau da materiala jasotzeko ordutegi orokorra:
GIG1:
- Hiri-hondakinen errefusa jasotzeko ordutegia: 24 orduz, urteko 365 egunetan.
- Hiri-hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak eta tamaina handiko hondakinak (udalerrietakoak, mankomunitatekoak eta pribatuak) jasotzeko ordutegia: 07:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Larunbat, igande eta jaiegunetan ez da hondakinik jasoko.
GIG2:
- Hiri-jatorriko biohondakinak jasotzeko ordutegia: 24 orduz, urteko 365 egunetan.
- Biohondakin pribatuak jasotzeko ordutegia: 08:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Larunbat, igande eta jaiegunetan ez da hondakinik jasoko.