Gipuzkoako Konposta
Gipuzkoako Konposta - %100 organikoa, %100 Gipuzkoa
Konpost salmenta
TKalitate goreneko konposta dugu, interes bereziko produktua da lurraldeko udalentzako, lorategi publikoetan ongarri gisa erabiltzeko, paisajismorako, lurzoru narriatua leheneratzeko, eremu kaltetuak berreskuratzeko, lurra soropila ezartzeko prestatzeko, eta abar.
Gurekin harremanetan jar zaitez Gipuzkoako Konpostari buruz argibide gehiago eskatzeko, eta behar duzun konpost kopurua gordetzeko. Eskaera behar besteko aurretiaz egitea gomendatzen dizugu, loteak heltze-baldintza hoberenetan eskuratuko dituzula ziurtatzeko.
Konpostaren salmentarako informazioa Harremanetarako telefonoa: 659 773 720 |
Osatu materia organikoaren zikloa
Gure etxeetako sukaldeetan sortzen diren hondakin organikoekin egindako konpostari esker, berriro ere lurrari itzultzen zaio, ongarri natural moduan, lehen lur horrek eman duena. Horrela osatzen da materia organikoaren zikloa.
Elikagaiak bio-oxidazioaren bitartez deskonposatzeko prozesu naturalaren emaitza da konposta. % 100 organikoa den baliabide aberats honek hainbat erabilpen du lorezaintzan, nekazaritzan eta obra zibilean; eta era askotako onurak, bai ekonomian eta bai ingurumenean.
Hondakin organikoak bereizi eta konposta eginez birziklatzearekin, nabarmen murrizten dugu tratatu beharreko hiri hondakinen kopurua.
Gipuzkoa berebiziko ahalegina egiten ari da materia organikoa gainerako hondakin guztietatik bereizita biltzeko; hau da, hondakinen arazoari modu arduratsuan erantzuten ari da. Lehengai hori –25.000 tona 2014. urtean–, inausketako hondakinetatik datorren material egituratzailearekin batera, konpost bihurtzen da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Lapatxen (Azpeitia) duen plantan. Konpost hori Gipuzkoa Konposta izenarekin merkaturatzen da.
Gipuzkoako Konposta, higienizatu eta egonkortutako produktua da, deskonposizio biologiko aerobiko baten bitartez kontrolpeko baldintzetan lortutako produktua. Horregatik, elementu patogenoak eta belar txarren haziak ezabatu egingo direla bermatzen da.
A+ Kalitateko Konpost gisa (1) egiaztatua dago eta bidezko Sandach baimena (2) dauka. Urtea bukatu baino lehen, Epeleko (Bergara) konpostatze planta berria martxan egongo da, European Compost Network-en (ECN) Kalitate Labela lortzeko behar den teknologiaz hornitua. Era berean, Europar Batasunaren Zigilu Ekologikoa izango du Gipuzkoako Konpostak.
(1) A kalitateko Konposta: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagai Kalitateko Zuzendaritzak onartutako ziurtagiria.
(2) SANDACH baimena: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagai Kalitateko Zuzendaritzak onartutako ziurtagiria, gizakien kontsumorako ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuen kudeaketarako.
Konpostaren erabilpenak, eginkizunak eta onurak
Gipuzkoako Konposta nekazaritzan nahiz lorezaintzan eta obra zibilean erabil daiteke.
Udal administrazioek eman diezaioketen erabilpenaz gain, konposta produktu ezin hobea da betidaniko nekazaritzan eta nekazaritza ekologikoan, lorezaintzan, berotegietan, fruta-arboletan, apaindurazko landareetan eta abarretan erabiltzeko.
Era berean, berez sortuak ez diren baso sailetan eta erretako eremuak basoberritzeko planetan erabiltzea gomendatzen da, labore-lur abandonatuetan edota industri jatorriko isurpenek hondatutako zonetan bezalaxe.
Konpostak eginkizun bikoitza du: batetik, lurzoruan jarduten du medeagarri organiko gisa; eta bestetik, laborantzan, substratuaren ongarri organiko eta osagai emankor gisa.
Onurei dagokienez, landareak hazteko eta lurzoruaren baldintzak hobetzeko beharrezkoak diren elikagaiak ematen ditu konpostak.
- Baldintza fisikoak hobetzen ditu: lurzoruaren egitura eta aireztapena sustatzen du, urari eusten lagundu eta drainatzea areagotzen du, sustraien eta mikroorganismoen arnasketa erraztuz.
- Baldintza kimikoak hobetzen ditu: pH-aren eta kutsatzaileen ahalmen moteltzailea handitzen du, elikagaien euspena areagotzen du, eta klima-aldaketari aurre egiten laguntzen du. Gainera, pestiziden eta ongarri mineralen kontsumoa murrizten du, eta karbonoaren hustubide gisa jardun.
- Baldintza biologikoak hobetzen ditu: biomasa eta mikrobioen jarduera areagotzen du, lurzoruaren biodibertsitatea bezalaxe.
Konposta erabilita, halaber, lurraren emankortasuna gehitzea, ureztaketarako ura aurreztea, produktu fitosanitarioen kontsumoa gutxitzea, CO2 isurpenak murriztea eta higaduraren aurka babestea lortzen dugu.
Batazbesteko Osaketa |
|
---|---|
Nitrogenoa (N) guztira | %2,3 |
Nitrogeno organikoa (N) | %1,8 |
Fosforo pentoxidoa (P2O5) | %2,1 |
Potasio oxidoa (K2O) | %1 |
Materia organikoa | %36,2 |
Karbono organikoa (C) | %21 |
Humus azidoak | %10,1 |
C/N erlazioa | 9,1 |
Hezetasuna (min-max) | %30-40 |
Eroankortasun elektrikoa (dS/m) | 5,8 |
pH | 8,4 |
Granulometria | Cribado en malla de 15 mm |
Konpostaren sailkapena, dituen metal astunen arabera | A KLASEA, metal astunen gutxieneko edukia. |
Konposta, lurraren arazoen konponbide gisa
Modu intentsiboan landutako lurra humus mailaren beherakada progresiboaren mende dago, eta horrek arazoak sortzen ditu: higadura azeleratua, propietate fisiko-kimiko eta biologikoen galera eta lurraren emankortasuna gutxitzea. Lur emankorra ez da baliabide berriztagarria, eta materia organikoaz hornitzeak arindu egiten ditu galera eta gabezia horiek guztiak.
Konpostak laboreen gain jarduten du landarearen garapen biologikorako beharrezkoak diren elikagaiak emanez, landareari garatzen lagunduz, eta laboreen gaixotasun karentzialak saihestuz; era berean, lurraren eta laboreen erresistentzia indartzen du izurriteen eta infekzio-bektoreen aurrean.
Konpostak lurraren mikrobio-jarduera hobetzen laguntzen du Gipuzkoako lurretan. Aldi berean, sustraietako gaixotasunak eragozten laguntzen die laboreei. Garrantzizko beste alderdi bat: uraren eta airearen joan-etorria errazten du lurzoruan.
Oro har, konpost helduak, dosi egokian zabalduta, hainbat laboreren uzta-etekinak nabarmen areagotzen ditu, bai aire zabalean eta bai berotegian.
Konpostaren aplikazioa
Konposta ez da lurraren ordezkoa. Itxuraz eta kolorez lurraren oso antzekoa bada ere, ez dugu halakotzat erabili behar. Konposta ongarri-gaitasuna duen medeagarri organiko bat da, laboreak dituen premien araberako kopuruan erabili behar dena. Hori horrela, lehendabizi lurzorua analizatu behar da, eta gero, emaitzaren arabera, bidezko konpost ekarpenak egin. Lurraren lagin bat laborategi espezializatu batera bidalita (esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren FRAISORO Landa eta Ingurumen Laborategia: http://www.fraisoro.eus/ Tel. 943 691 064), lurraren konpost premia zein den jakin daiteke.
Lurraren konposaketaren arabera, konpost dosifikazio zehatz bat erabiliko da; hala ere, hauek dira ohikoenak:
Erabilera | Kopuruak | Aplikazioa |
---|---|---|
Oro har | 3 kg/m2 (=5 mm-ko geruza) |
Urtero edo bi urtean behin, udazkenean edo udaberrian, azalean lurperatuz (5-15 cm) eta lurrarekin ondo nahastuz. |
Apaindurazko zuhaitzak | Tamainaren arabera, lepoaren bueltan. | Neguan. Urtero edo bi urtean behin. |
Apaindurazko landareak lorontzian | Lurrari konposta gehitu, lorontziaren bolumenaren % 25ean gehienez. | Landaketa berri bakoitzean, lurrarekin ondo nahastuta. |
Lorategietan soropila ezartzeko | 6 kg/m2 | Erein aurretik, 3 kg/m2 konpost, bi urtean behin. Emaitzarik hoberena, lurra eta silize-harea % 50ean nahastuta. |
Mahastizaintza | 3 kg/m2 | 20 cm inguruko zuloetan banatuta, mahatsondoen artean, eta gero lurperatuta. Uzta bildu ondoren eta lehen ernamuinak atera aurretik. |
Belardiak eta bazkarako laboreak | 4 kg/m2 | Azken mozketaren ondoren, erein aurretik. |
Lurzoru narriatuak biziberritzea | 6-12 kg/m2 | Konposta lurraren gainazalarekin nahastuta (lurrazalaren lehendabiziko 15 cm-etan). |
Era berean, interesgarria litzateke konposta ere erabiltzea baso lurrazal ez naturaletan, erretako lurrazalen basoberritze plangintzetan, abandonatutako laborantza lurretan, isurkin industrialekin hondatutako zonaldeen berreskurapenean... konpostaren merkatua erruz handituko lukeena.
Lekukotzak
Bio-hondakinez egindako konposta, dituen ezaugarri teknikoak direla-eta, oso egokia da Gipuzkoako lurzoru azido eta klima euritsurako. Bereziki, honakoak nabarmenduko nituzke: pH pittin bat alkalinoa, fosforo kopuru handia erabilgarri, aberatsa oligoelementu eta humus substantziatan, eta kation-elkartrukerako duen gaitasuna. Hori guztia dela eta, gure lurzoruen aktibazio biologikoa bultzatzen du. Sakon aztertutako aukera da, segurua, iraunkorra eta merkea; horregatik, nire baratze pribatuan aspaldiko urteetan erabiltzen dudan ongarri bakarra da.
Inazio Irigoien. Agronomiako irakaslea. Nekazaritza Ekoizpeneko Saila. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Gipuzkoan bereizita biltzen den zatiki organikoaren kalitate onari esker, araudiak exijitzen dituen kalitate-baldintzarik zorrotzenak betetzen dituen konposta sor daiteke, sistema sinpleak baina eraginkorrak erabilita. Horrela, lehen arazoak sortzen zituen hondakin batetik, baliabide organiko bat lortzen ari gara; hau da, behar bezala aplikatuta, inguruneari onura sozial, ekonomiko eta ingurumeneko inportanteak ematen dizkion baliabidea.
Ramón Plana, Biologian doktorea. Hondakin Organikoen Tratamendu Biologikoetan aholkularia.
Lapatxeko konpostatze plantan sortzen den konposta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fraisoroko Landa eta Ingurumen Laborategian analizatzen dute, modu iraunkorrean.. Ongarri organiko eta lurzoruaren medeagarri gisa ezaugarri onak dituen produktua da. Konpost hau aplikatzeko hainbat azterketa egin dugu, eta aplikaziorik ikusgarriena, lurzoru narriatuak biziberritzeko lanetan eta zuhaizkien landaketan du.
Domingo Merino. Fraisoroko Laborategiko zuzendaria.