2023 MARTXOA 28
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak biometanizazioko eta zepen tratamenduko instalazioetarako ingurumen kudeaketako eta kalitateko ziurtagiriak lortu ditu
ISO 14001 ziurtagiria, ingurumen kudeaketa arloan aitorpenik handiena duen nazioarteko araua, eta ISO 9001 ziurtagiria, kalitatearen kudeaketa sistemarena.
Euskadiko AENORen zuzendari Gonzalo San Antoniok eman dizkio ziurtagiriak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente José Ignacio Asensiori, Gipuzkoako Ingurumen Guneko bigarren faseko instalazioetan egin den ekitaldian.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak AENORen kalitate eta ingurumen kudeaketako sistemak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak lortu ditu Gipuzkoako Ingurumen Guneko bigarren faseko instalazioetarako (biometanizazioko eta zepak tratatzeko instalazioa), 9 hilabeteko ziurtapen prozesu baten ondoren. Zehazki, eskuratu ditu, alde batetik, ISO 14001 ziurtagiria, ingurumen kudeaketaren arloan aitorpenik handiena duen nazioarteko araua, eta, bestetik, ISO 9001 ziurtagiria, kalitatearen kudeaketa sistemarena.
ISO 14001 ziurtagiriak ziurtatzen du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ingurumena babestearekin bere egin duen konpromisoa, garatutako jarduerari lotutako ingurumen arriskuen kudeaketaren bitartez. Ziurtagiri horrek egiaztatzen du ezen, Kontsortzioko ingurumen kudeaketako sistemak nazioarteko ISO 14001 arauaren betekizunak betetzen dituela, eta agerian jartzen du hondakinen kudeaketa jasangarria egiten duela aukeren hierarkia aplikatuz, non helburuak diren, lehenengo eta behin, hondakinen sorrera prebenitzea, eta gero, berrerabiltzea (barne direla birziklatzea eta konpostatzea), materialen energia aprobetxatzea, eta balorizatu ezin daitekeen zatikia botatzea.
Bestetik, kalitatearen kudeaketa sistemari buruzko ISO 9001 arauak egiaztatzen du Kontsortzioak betetzen dituela arau horrek ezartzen dituen betekizun guztiak, eta ezarri duela kalitatearen kudeaketa sistema bat, zeinak apustu egiten baitu prozesuen kudeaketaren etengabeko hobekuntzaren alde, erabiltzaileen gogobetetasun handiagoa lortzeko.
Gainera, berekin dakar profesionalen inplikazio handiago bat ondo egindako lana modu jasangarri batean egiteko, bai eta erakundeko kide guztien arteko inplikazio bat kalitatearekiko konpromisoaren transmisioan.
Horri dagokionez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “ziurtagiri hori jasangarritasunarekiko gure konpromisoaren aitorpen bat da, gure estrategian integratu duguna, eta, horrela, Kontsortzioak bere ingurumen kudeaketako sistema etengabe hobetzeko egiten duen apustua ziurtatzen du, eta, ondorioz, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren sektoreko balio eragile gisa indartzen gaitu”.