2026 EKAINA 09
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzarrak aho batez onartu du tarifa-sistema berri bat
Akordioak, PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk babestua, errefusaren eta biohondakinaren arteko tarifa bereizia ezartzen du. Honez gain, “kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioa indartzen du eta sistemari egonkortasun eta ekitate handiagoa ematen dio.
José Ignacio Asensio: “Etorkizuneko akordio zabal bat eraiki dugu, jasangarritasuna, erantzukidetasuna eta lurralde-justizia sistemaren erdigunean jartzen dituena. Sistema egonkor eta partekatu bat ezartzen dugu, herritarren ahalegina aitortzen duena eta hondakinak behar bezala bereiztea benetako onura bihurtzen duena”.
Jon Ander Azpiroz: “EAJ-PNVtik oso pozik hartzen dugu akordio hau, batez ere erantzukizun partekatua eta Gipuzkoaren etorkizunarekiko konpromiso sendoa dakarrelako. Akordio honek erakusten du gai garela interes orokorra eta jasangarritasuna beste edozein kontsiderazioren gainetik jartzeko”.
Eñaut Gracia: “Planteamentua integrala da, lurralde begirada duena. Eta bada nolabait denok interpelatzen gaituen planteamentu bat, bai herritarrak eta bai udalak, helburu berdina baitugu. BIOaren jasoketak salto kuantitatibo bat izatea alegia”.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzarrak tarifa-sistemaren konfigurazio berria onartu du gaur, eta 2026an jarriko da indarrean. Erakundean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoen artean lortu da akordioa – PSE-EE, EAJ eta EH Bildu –, hainbat hilabetez lan teknikoa eta instituzionala egin ondoren.
Proposamen berriak aurrerapen nabarmena ekarriko du Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sistemaren finantzaketa-ereduaren bilakaeran, errefusaren eta biohondakinaren arteko tarifa bereizia ezarri baitu, hondakin-fluxu bakoitzerako kostu espezifikoen bidez.
Akordio horrekin, Kontsortzioak funtsezko bi printzipiotan oinarritutako eredu bat finkatzen du: mankomunitate guztien artean sistemari modu orekatuan eusten zaiola bermatzea eta sorreraren araberako ordainketa-printzipioa indartzea, eskualde bakoitzak benetan sortzen dituen hondakinen arabera ordaindu dezan.
Sistema berriak tarifa bakarraren gainean aplikatutako hobarien indarreko eredua ordezten du, eta egitura egonkorragoa ezartzen du. Hemendik aurrera, errefusaren tona bakoitzak tratamenduaren benetako kostua ordainduko du; biohondakinak, berriz, gainerako tarifaren % 43aren baliokidea den tarifa espezifikoa izango du, eta, horrela, jatorrian bereiztearen eta gaikako bilketaren pizgarria indartuko dira.
Batzarrak argi berdea eman dio hiru elementuz osatutako tarifa-konfigurazioari: mankomunitate bakoitzeko biztanleriari lotutako zati finko bat, sistemaren egiturazko kostuak finantzatzeko; tarifa espezifiko bat, errefusarentzat; eta tarifa bereizi bat, biohondakinarentzat.
2026rako, errefusaren tarifa 231 eurokoa izango da tona bakoitzeko, eta biohondakinaren tarifa 99 eurokoa tona bakoitzeko. Bereizketa hori aurrerapauso bat da sorreraren araberako ordainketaren printzipioa eraginkortasunez aplikatzeko, zerbitzuaren kostua zuzenean lotzen baitu mankomunitate bakoitzaren ingurumen-portaerarekin. Sistema berriak hondakin organikoak behar bezala bereiztea saritzen du, gaikako bilketa sustatzen du eta lurraldeko ingurumen-helburuak betetzen laguntzen du.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “akordio hau urrats erabakigarria da lurraldeko ingurumen-helburuekin bat datorren sistema bidezkoa eta gardena finkatzeko”. Asensiok azpimarratu duenez, “lehen aldiz badugu formula partekatu bat, argi eta garbi adierazten duena hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen duela, eta ondoen bereizten duenak gutxiago ordaintzen duela”.
Era berean, adierazi duenez, “tarifa berriak seinale argi eta garbi bat bidaltzen die erakundeei eta herritarrei: hondakinak behar bezala bereizteak eragin zuzena eta nabarmena du sistemaren kostuan”.
Kontsortzioko presidenteak, gainera, proposamena egiteko prozesuan lortutako adostasun zabalari balioa eman dio. “Sentsibilitate politiko desberdinen arteko akordio sendo bat eraikitzeko gai izan gara, interes orokorra, sistemaren jasangarritasuna eta mankomunitateei egonkortasuna eskaintzeko beharra aurretik jarrita”, baieztatu du.
Jon Ander Azpiroz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteorde eta EAJko ordezkariak azpimarratu duenez, “EAJ-PNVk oso pozik hartzen du akordio hau, batez ere erantzukizun partekatuko ariketa eta Gipuzkoaren etorkizunarekiko konpromiso sendoa delako. Ziurtasun eta egonkortasun esparru bat eraiki dugu. Sistema berriak hondakinak kudeatzeko ditugun azpiegiturei eustea bermatzen du, herritarren ahalegina eta konpromisoa eta jasangarritasunaren aldeko apustua aitortuz”.
Eñaut Gracia, GHK-ko Administrazioko kide eta EH Bilduko ordezkariak esan duenez, “adostutako planteamentuak herrien arteko desorekak gainditzen ditu. Herri bakoitzak izango baitu egiten duenaren edo lortzen duen jasoketa kopuruaren ardura eta zentzu horretan, ondo egiten duena saritua izango da eta ez hain ondo egiten duenak gehiago ordaindu beharko du. Zentzu honetan ere berdin izango da zein mankomunitateren parte den herri bakoitza, jardun edo konportamendu berak sari bera izango baitu”.
Tarifa-eredua berrikusteko berariaz eratutako batzorde tekniko eta politikoak azken hilabeteetan egindako lanen emaitza da onartutako proposamena. Lortutako akordioari esker, urteko tarifei buruzko eztabaida errepikatua gainditu eta esparru egonkor baterantz jo daiteke, irizpide objektiboetan, ingurumenekoetan eta ekonomikoetan oinarrituta.
Horrela, tarifen konfigurazio berriak hondakinen lurralde-plangintzan jasotako helburuak indartzen ditu, eta herritarrek gaikako bereizketan egindako ahalegina aitortzen duen, materia organikoaren bilketa bultzatzen duen eta epe luzera sistemaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzen duen eredu bat finkatzen du.