2019 AZAROA 29
Gipuzkoako Ingurumen Guneak arrakastaz ekin die hondakinak erretzeko probei
Lehenengo proban 9 tona erraustu dira, energia sortzeko sorgailuaren turbina elikatuko duen lurrun-zirkuitua probatu da eta isuriak arazteko eta kontrolatzeko sistemek ondo funtzionatzen dutela egiaztatu da.
Jose Ignacio Asensio: "Probak amaitu ostean, 2020an Gipuzkoak Europako azpiegiturarik modernoena izango du bere hondakinak tratatzeko".
Atzo arratsaldeko azken orduetatik gaur ostiraleko lehen orduetara bitartean, Gipuzkoako Ingurumen Guneko (GIG) balorizazio energetikoko plantak hondakinak erretzeko probak hasi ditu, eta proba horien azken fasean sartu da. Aldez aurretik eta hilabete baino gehixeagoz, instalazio horiei azterketa sakona egin zaie, "hotzean", instalatutako osagai guztiek, haien elikadura-sistemek eta komunikazioek behar bezala funtzionatzen zutela egiaztatzeko. Lehengoz martxan jarri den honetan, 9 tona hondakin erraustu dira. Instalazioa guztiz erabilgarri dagoenean, bere bi labeetako bakoitzean 12,5 tona orduko errausteko gaitasuna izango du, edo, bestela esanda, urteko 100.000 tona bi lineetako bakoitzean.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak oso positibotzat jo du balorizazio planta martxan jartzea, horrek esan nahi baitu GIG osoa proba operatiboen fasean dagoela eta datorren urteko lehen hiruhilekoan gaitasun osoan funtzionatuko duela. Era berean, azpimarratu duenez, "2020an Gipuzkoak Europako azpiegiturarik modernoena izango du bere hondakinak tratatzeko; instalazio horrek aukera emango dio birziklatze mailak hobetzeko, % 60 gainditu arte, energia berriztagarrien erabileran aurrera egiteko eta isurketak murrizteko, Gipuzkoa GK 2050 klima aldaketaren aurkako estrategiaren ildotik".
Lehen errekuntza honetara iritsi arte, kontrol-sistema guztiak egiaztatzeko prozesu zehatz bat egon da; ondoren, labeak aurrez berotu dira, material errefraktarioa ontzeko eta tenperatura aldaketa zakar batek labeen estaldurako materialetan eraginik ez izateko. Kontuan izan behar da errekuntza tenperatura 1.000º C-tik gorakoa dela, prozesuan zaborretan dauden dioxinak eta furanoak suntsi daitezen.
Labeez gain, ur-lurrunaren zirkuitua ere probatzen hasi da instalazioa, eta haren emisioak, erabat kaltegabeak, argi eta garbi ikusi ahal izan ziren atzo, turbina oraindik konektatuta ez zegoelako. Zirkuitu horretan, hondakinak erretzean sortutako beroak, sorgailuaren turbina mugituko duen eta energia sortuko duen lurrun bihurtuko du ura. Eskema ohiko planta elektriko baten berdina da, nahiz eta erabilitako erregaia desberdina izan. Izan ere, kasu honetan erregaia hondakinak dira, eta ez erregai fosilak (gasa eta petrolioa). Horrek CO2 isuriak murriztea dakar, eta horrela energia hori berriztagarritzat jotzen da (Parisko goi-bilera …). Beraz, energia berriztagarriko 160.000 MW/h lortuko dira, 45.000 etxeren energia beharrak hornitzeko adina.
Era berean, errekuntza probek isurketak etengabe arazteko eta kontrolatzeko sistemen funtzionamendu egokia egiaztatzeko balio izan dute. GIGek arazketa sistema bikoitza du, isurketa-maila Europako araudi zorrotzenen oso azpitik dagoela bermatzen duena, baimendutako balioen % 50eko batez besteko murrizketarekin. Exijentzia maila handi hori azken belaunaldiko teknologien aplikazioari esker lor daiteke.
Aurreko egunetan eta proba prozesuan zehar, GIGen jarduerak gora egin du nabarmen; izan ere, hamar bat nazionalitatetako teknikariak jardun dira bulego horietan lanean, planta guztiak abian jartzen direla kontrolatzen. Balorizazio energetikoko planta (EBP) izan da hondakinekin proba operatiboak egiten azkena. Aurretik, tratamendu mekaniko-biologikoko planta eta biometanizazioko planta probatu ziren; hauek, beren probetan, gaitasunaren % 80an funtzionatzen dute jada. Errausketa zepak tratatzeko plantaren kasuan, lehenengo proba operatiboak Zabalgarbitik ekarritako zepekin egin ziren, eta instalatutako makineriak ondo funtzionatzen zuela egiaztatu ondoren, zain geratu da, GIGen balorizazio energetikoko planta era jarraituan funtzionatzen hasi eta hortik sortutako zepak eman zain.