2026 UZTAILA 27
Gipuzkoako Ingurumen Guneak beste mugarri bat ezarri du hondakin organikoak gas natural bihurtzen dituen instalazio aitzindariarekin
Instalazio berriak 9.000 etxebizitzaren batez besteko gas kontsumoaren pareko biometanoa hornitu ahal izango dio gas sareari.
Upgrading instalazio berriak, Euskadin eta Kantauri isurialdean aitzindaria denak, gaika bildutako hondakin organikoetatik sortutako biogasa biometano bihurtu eta gas sarean injektatzeko aukera emango du. Horrela, Gipuzkoa ekonomia zirkularraren eta trantsizio energetikoaren erreferente gisa sendotzen da.
Azpiegitura berriak beste urrats bat ematen du Gipuzkoako ekonomia zirkularraren ereduan: gaika bildutako materia organikoa ez da soilik konpost eta elektrizitate bihurtuko; hemendik aurrera %100 berriztagarria den gasa ere izango da.
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoa berriro ere ingurumen berrikuntzaren abangoardian dago. Proiektu honek erakusten du hondakinak ondo bereizteak emaitza argia eta ukigarria duela. Herritarren konpromisoari eta azken hamarkadan eraiki ditugun azpiegiturei esker, gaur egun gai gara hondakin organikoak gas berriztagarri bihurtzeko, eta gas hori gas sarearen bidez gure etxeetara itzultzen da”.
Ekonomia zirkularrak beste urrats bat eman du Gipuzkoan. Gipuzkoako Ingurumen Guneak gaur inauguratu du upgrading instalazio berria. Euskadin eta Kantauri isurialdean aitzindaria den instalazio horri esker, gaika bildutako hondakin organikoetatik sortzen den biogasa biometano bihurtuko da. Biometanoa gas berriztagarria da, ohiko gas naturalaren kalitate bera du eta zuzenean gas sarean injektatu daiteke.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente José Ignacio Asensiok, Nortegaseko CEOa, Juan Villarrek eta FCC Medio Ambienteko Ipar Erdialdeko zuzendari Javier Rivasek. Hirurek azpimarratu dute erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren garrantzia, Gipuzkoako trantsizio energetikorako eta ekonomia zirkularrerako estrategikoa den proiektu hau gauzatzeko.
Azpiegitura berri honekin, Gipuzkoak beste mugarri bat ezarri du hondakinen kudeaketa ereduan. Herritarrek edukiontzi marroian uzten dituzten hondakin organikoak ez dira soilik konpost edo elektrizitate bihurtzen. Hemendik aurrera, etxeak, industriak eta enpresak hornitzeko erabiliko den gas berriztagarri ere bihurtuko dira. Horrela, ekonomia zirkularraren zikloa ixten da eta lurraldearen autonomia energetikoa indartzen da.
Instalazio berriak gas sareari 9.000 etxebizitzaren batez besteko gas kontsumoaren pareko biometanoa hornitzeko gaitasuna izango du. Horrela, hondakin bat balio erantsi handiko energia baliabide bihurtzen da.
Jasangarritasuneko diputatu eta GHK-ko presidente José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “proiektu honek erakusten du hondakinak ondo bereizteak emaitza argia eta ukigarria duela. Herritarren konpromisoari eta Gipuzkoak azken hamarkadan eraiki dituen azpiegiturei esker, gaur egun gai gara hondakin organikoak gas berriztagarri bihurtzeko, eta gas hori gas sarearen bidez gure etxeetara itzultzen da. Ekonomia zirkularra kontzeptu hutsa izateari utzi dio; gaur egun energia garbia, enplegua eta aberastasuna sortzen ditu gure lurraldean”.
Asensiok nabarmendu du, halaber, “Gipuzkoa berriro ere ingurumen berrikuntzaren abangoardian dagoela. Aitzindariak izan ginen hondakinen zikloa ixten, eta gaur beste urrats bat ematen dugu gure ereduan biometanoaren ekoizpena txertatuta. Deskarbonizazioaren, autonomia energetikoaren eta industria jasangarriago eta lehiakorrago baten aldeko apustua da”.
Mugarri berri hau herritarren konpromisoaren eta azken hamarkadako inbertsio publikoaren emaitza ere bada. Azken hamar urteotan, Gipuzkoak materia organikoaren gaikako bilketa bikoiztu du: 2015ean %29koa zen, eta gaur egun %60koa da. Urtero ia 55.000 tona biohondakin biltzen dira. Horietatik, 15.000 tona konpost bihurtzen dira nekazaritzan erabiltzeko, eta gainerako 40.000 tonak Gipuzkoako Ingurumen Gunean balorizatzen dira energia berriztagarria sortzeko.
Horrek erakusten du etxean hondakin organikoak ondo bereiztea bezalako eguneroko keinu batek baliabide berriak sortzen dituela, eta zuzenean laguntzen duela deskarbonizazioan eta klima aldaketaren aurkako borrokan.
Edukiontzi marroitik gas sarera
Instalazio berriak upgrading sistema bat du. Sistema horri esker, hondakin organikoen biometanizazio prozesuan sortzen den biogasa araztu egiten da, gas sarean injektatzeko behar den kalitatea duen biometano bihurtu arte.
Orain arte, biogas hori batez ere kogenerazio motorren bidez elektrizitatea sortzeko erabiltzen zen. Hemendik aurrera, Gipuzkoako Ingurumen Guneak une bakoitzean erabaki ahal izango du zein den baliabide horren erabilerarik eraginkorrena. Sistemaren beharren arabera, biogasa elektrizitatea edo biometanoa ekoizteko erabiliko da. Horrela, hondakinek duten energia ahalmen osoa ahalik eta gehien aprobetxatuko da.
Instalazioak orduko 600 Nm³ biogas tratatzeko gaitasuna du. Horri esker, orduko 344 Nm³ biometano ekoitziko dira, eta gaika bildutako materia organikoaren energia ahalmen ia osoa aprobetxatu ahal izango da.
Europako energia estrategiarekin bat datorren proiektua
Instalazio hau martxan jartzea bat dator Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak biometanoaren alde egin duten apustuarekin. Biometanoa funtsezko tresna da energia sistema seguruagoa, inportatutako erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa duena eta deskarbonizatuagoa izango dena lortzeko.
Espainiako Gobernua araudi berri bat prestatzen ari da. Araudi horrek gas sisteman biometanoa txertatzeko nahitaezko kuotak ezarriko ditu, 2035ean merkatuaren %6ra iristeko. Aldi berean, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuak 2030erako 20 TWh biogas ekoiztea ezarri du helburu.
Era berean, Europak teknologia honen garapena bizkortzen jarraitzen du. Gaur egun, ia 2.000 biometano planta daude martxan. Horrek erakusten du gas berriztagarri hori datozen urteetan hazteko ahalmen handiena duen energia alternatibetako bat dela.
Energia berriztagarri gehiago eta emisio gutxiago
Azpiegitura berriari esker, hondakin organikoen energia aprobetxamendua handitu egingo da. Era berean, erregai fosilen erabilerarekin lotutako berotegi efektuko gasen emisioak murriztuko dira, eta lurraldearen segurtasun energetikoa indartuko da.
Ekoitzitako biometanoak nazioarteko jasangarritasun ziurtagiria izango du, baita Jatorri Bermearen ziurtagiria ere. Horri esker, egiaztatuko da %100 berriztagarria dela eta CO₂ emisioak murrizten laguntzen duela.
Gainera, proiektuak autokontsumorako planta fotovoltaiko bat ere badu. 684 kWp-ko potentzia instalatua du, eta Gipuzkoako Ingurumen Gunearen karbono aztarna are gehiago murrizten eta energia eraginkortasuna hobetzen lagunduko du.
Azpiegitura berri honekin, Gipuzkoak birziklatzetik harago doan eredua sendotzen du. Hondakinak baliabide berri bihurtzeko gai den eredua da; energia berriztagarria sortzen du, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzen ditu, eta lurraldea Europako ekonomia zirkularraren eta trantsizio energetikoaren erreferente nagusien artean kokatzen du.