2024 MARTXOA 22
Hondakinen Kontsortzioak ziklo-aldaketa bat markatu du, eta aho batez onartu 2024rako tarifa
Kontsortzioaren Batzarrak, erakunde guztiekin eta ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin (PSE-EE, EH-Bildu eta EAJ), aho batez onartu du 2024rako tarifa eguneratzea. Akordioak Gipuzkoako hondakinen % 100 modu jasangarrian tratatzea bermatzen du.
José Ignacio Asensio: “Tarifari buruzko ahobatezko akordioak ziklo-aldaketa markatzen du Gipuzkoako hondakinen kudeaketan, eta desberdinen arteko akordioen aro berri bat inauguratzen du, Gipuzkoako gizarteak bizi izan duen gatazka handienetako bat gaindituz. Kontuak onartzeak sendotu egiten du hondakinak kudeatzeko eredu bat. Eredu honek lider bezala kokatu du Gipuzkoa birziklapenean eta ekonomia zirkularrean”.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzarrak onartu du, bildutako erakunde guztiak eta Batzar horretan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak (PSE-EE, EH-Bildu eta EAJ) aho batez adostuta, Mankomunitateei hiri-hondakinak kudeatzeko zerbitzuak altan emateagatiko 2024ko tarifa % 8 eguneratzea. Akordioak 51.823.742 euroko aurrekontua ahalbidetzen du 2024rako, aurkako botorik gabe onartua. Horren helburua da Kontsortzioak zerbitzua ematen jarraitu ahal izatea, bitarteko eta azpiegitura modernoenekin, hondakinak kudeatzeko zerbitzuaren kalitate eta jasangarritasun gorena bermatzeko, eta Gipuzkoak birziklatzean eta ekonomia zirkularrean duen lidergoari eusteko eta sendotzeko.
Horri dagokionez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente José Ignacio Asensiok bere poza adierazi du lortutako akordioengatik, eta oso positiboki baloratu du Batzarreko kide guztien erantzukizuna. Asensiok azpimarratu duenez, "tarifari buruzko ahobatezko akordioak ziklo-aldaketa markatzen du Gipuzkoako hondakinen kudeaketan, eta desberdinen arteko akordioen garai berri bat inauguratzen du, Gipuzkoako gizarteak bizi izan duen gatazka handienetako bat gaindituz. Kontuak onartzeak sendotu egiten du Gipuzkoa birziklapenean eta ekonomia zirkularrean lider bihurtu duen azpiegitura-sistema”. Era berean, Kontsortzioko presidenteak gogorarazi duenez, "gipuzkoarrek egindako gaikako bilketari eta azken urteetan eraikitako azpiegiturei esker, erreferenteak gara esparru horretan, eta, gaur egun, gure hondakinen % 60 inguru birziklatzen dugu, Espainiako batez bestekoa baino hogei puntu gehiago eta zabortegirik erabili gabe".
2024rako proposatutako tarifaren arabera, 215.000 tona hiri-hondakin tratatuko dira. Aurreikusitako ekitaldiko gastuak 51,82 milioi eurokoak dira; beraz, zenbateko hori da kostu guztiak estaltzeko sartu beharreko zenbateko osoa. Aurreikusitako diru-sarrerak hondakinen kudeaketaren fakturaziotik datoz, ontziak birziklatzaileari entregatzeagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzagatik (6 milioi euro) eta beste aldagai batzuengatik, batez ere dirulaguntzengatik.
Ezarritako prezioa, beraz, % 8koa izango da aurreko ekitaldiarekin alderatuta: 204,26 euro tona bakoitzeko gainerakoen zatikirako, eta 150,84 euro tona bakoitzeko batez beste biohondakinen zatikirako.
Biohondakinaren tarifaren hobari mailakatuari dagokionez, mankomunitate guztiek 2023an izandako ehuneko berak mantenduko dituzte, % 15etik % 35era bitarte, sortutako hondakin guztietan biohondakinak duen pisu erlatiboaren arabera (biohondakina eta gainerako frakzioa) mankomunitate bakoitzeko. Debagoiena eta Sasieta mankomunitateak izan ezik, horiei % 32,5eko hobari berria aplikatuko zaie % 40tik % 50era bitarteko tartean. Hobari horren helburua Gipuzkoako udalerri guztietan biohondakinaren gaikako bilketari beste bultzada bat ematea da.