2019 URRIA 03
Kontsortzioak onetsi du Bizkaiarekin Gipuzkoako hondakinen tratamendurako duen hitzarmena luzatzea
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak orobat onetsi du Azpeitiko Lapatxeko konpostatze planta ixtea.
José Ignacio Asensio: “Hondakinen bilketa eta tratamendua berme guztiarekin egingo dela ziurtatzen du luzapenak, Zubietako azpiegituren behin betiko abiaraztea bitartean”.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Batzarrak gaur egindako bileran onetsi du kontrako botorik gabe, Bizkaiarekin Gipuzkoako hondakinen tratamendurako duen hitzarmena luzatzea, harik eta Zubietako Ingurumen Gunea abian jartzen den arte. Batzarreko kideen bertaratzea % 84koa izan da, eta luzapena botoen % 68,8arekin onetsi da.
Aurreikusita dago Lurpeko zabortegia (Mutiloa) azaroaren amaieran betetzea, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen azpiegiturak oraindik proba aldian dauden bitartean. Hartutako erabakiak 2019rako aurreikusitako gehieneko 60.000 tonak birbanatzen ditu, behar izanez gero 2020an erabiliak izan daitezen. Hala, Bizkaiarekiko hitzarmenaren luzapenari esker, Gipuzkoak bermatuta izango du bere hondakinen % 100 tratatzea, harik eta Zubietako balorizazio energetikoko planta abian jartzen den arte. Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “akordioaren epearen luzapenak Gipuzkoako hondakinen bilketa eta tratamendu egokia bermatuko du eta zerbitzu publikoa ziurtatzen du edozein gertakizunaren aurrean, proba eta abiarazte prozesuak zorroztasun handiz egiteko aukera emanez”. Halaber, Asensiok adierazi duenez, “prozesu honetan zehar zuhurtasun eta zorroztasun osoz jardutea herritarrekin dugun erantzukizun kontua da”.
Landu diren beste hainbat gai
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Batzarrak onetsi du Azpeitiko Lapatxeko konpostatze planta ixtea, zeinaren jarduera etenda baitzegoen ekainaz geroztik, azterketa ekonomiko eta teknikoen zain, horiek erabakiko baitute haren jarraipena bideragarria den edo ez. Lapatxeko konpostatze plantak eskatzen zuen instalazioak egokitzea biohondakina tratatzeko, ahalik eta usainik txikiena sor dadin, erabilitako konpostatze teknologiaren eraginez, batik bat.
Horretarako, GHK-k txosten tekniko eta ekonomikoak eskatu zituen, aztertzeko ea zer neurri aplikatu behar ziren, eta zenbateko kostua zuten bai egin beharreko inbertsioek, bai plantaren ustiapen gastuek. Txostenek ondorioztatu zuten ezen, konpostatze plantak ahalik eta usainik txikiena sor dezan, behar-beharrezkoa dela egungo konpostatze prozesua hartzidura itxiko prozesu bati egokitzea, tunelen bidezko konpostatze teknologia aplikatuz. Kontuan hartuta kostuen eta inbertsioen azterketa, biohondakin tonaren kostua 188 euro izango litzateke, tonako. Txosten ekonomikoak kostuen arteko konparazioa egiten du: alde batetik, Lapatxeko planta egokitzeak sortuko lukeen kostua (188 euro, tonako); bestetik, egungo kostua, tona bakoitzeko, Epeleko konpostatze plantan (117 euro, tonako); eta azkenik, Gipuzkoako Ingurumen Guneko biometanizazio plantan aurreikusitako kostua (84 euro, tonako).
Beraz, datu hauek kontuan hartuz, baldin eta konpostatze prozesuaren usainak ahalik eta txikienak izateko eskatzen den birmoldaketari ekingo balitzaio, Lapatxeko plantako biohondakinaren kudeaketa-kostua % 223 handiagoa izango litzateke, beste alternatiba batzuen bidezko kudeaketarena baino.
Gaur egun, Gipuzkoak badauka Epeleko konpostatze planta, urtean 10.000 tona biohondakin tratatzen duena, eta Zubietako biometanizazio planta, urtean 40.000 tona tratatzeko gaitasuna izango duena. Hortaz, bi planta horiekin, Gipuzkoak Lurraldean sortzen diren biohondakin guztiak tratatzeko nahikoa gaitasun izango du, konpostatzea eta bermikonpostatzea sortuz.
Gainera, GHK-ko Batzarrak onetsi du hiru hilabetez luzatzea epea Ingurumen Gunearen bigarren faseko instalazioak abiarazteko. Luzapen horren arrazoiak dira, alde batetik, desegokien eduki ertain eta goreneko parametroak aldatzea, biometanizazio plantaren igeniaritza hobekuntzak medio. Horrela, aurreikusitako %5etik %10era igarotzea ziurtatuko da eta baita energia sortzeko gaitasuna ere.