2017 EKAINA 19
Mutiloako zabortegiak gaurtik aurrera Gipuzkoako hiri-hondakinak jasoko ditu pixkanaka
José Ignacio Asensio, GHK-ko Presidentea, Ormaiztegi eta Mutiloako alkateekin bildu da eta Lurpe zabortegia bisitatu du egokitze lanak amaitu ondoren, egoeraren berri emateko, hitzeman bezala.
Asensiok iragarri du gaurtik aurrera hiri-hondakinak Mutiloako zabortegira eramaten hasiko direla. Pixkanaka egingo da, antolaketa logistikoa era ordenatuan egin ahal izateko eta eragina txikiena izateko. Asensio pozik agertu da: “Gure hondakinak lurraldean tratuko ditugu eta ez ditugu kanpora bidali beharko, horrek dakarren kostu ekonomikoa eta ekologikoa kontuan hartuz”.
Abuztuaren 11tik aurrera, hondakinak Meruelora bidaltzeari utziko zaio eta Gipuzkoako errefusa Mutiloara eramango da.
Irtenbide honen ondorioz Ormaiztegiko trafikoa handitu egingo dela jakinda, Ingurumeneko Diputatuak eta Jon Enrique Galarza, Ormaiztegiko alkateak, oinezkoentzako pasabide bat gauzatzeko hitzarmena sinatu dute, GI-3540 errepidearen paralelo izango den espaloi bat eraikitzeko, ikasle zein kirol-guneko erabiltzaileak babesteko. Obraren aurrekontua, Aldundiaren kontu, 106.000 eurokoa da. Aurreikusitako gauzatze epea sei astekoa da.
“Herritarren kezkak kontuan hartzen dira eta eskaera historiko honi erantzun ematen zaio. Prebentzio izaera duen neurria da, segurtasuna bermatzeko helburua duena, batez ere haurrena, baina baita herritarrena ere; kamioien joan etorria ugarituko delako“, azaldu du Asensiok.
Halaber, behin behineko konponbidea dela gogorarazi du. Izan ere, hemendik bi urtera, balorizazio energetikoko planta abian dagoenean, hondakinak ez dira ez zabortegi honetara ez beste inongo zabortegira eraman beharko.