2023 MARTXOA 14
Ontzien gaikako bilketaren liderra da Gipuzkoa, 2015etik % 50 gehituta
Gipuzkoan, 2015etik % 50 gehitu da ontzien gaikako bilketa. Biztanle bakoitzeko batez bestean 34 kg bilduta, % 77ko tasara iritsi zen 2021ean; hau da, 9,26 puntuko hazkundea 2015eko tasaren aldean, orduan % 51,6koa baitzen.
José Ignacio Asensio: «Zenbait azpiegiturari esker –hala nola ontziak sailkatzeko Urnieta eta Legazpiko plantak– aurrera doa Gipuzkoa eta birziklatze datuak hobetzen ditu».
«Ontzi bilketaren emaitzek berresten dute arlo horretan buruan dagoela Gipuzkoa, Espainiako batez bestekoa ia halako bi bereizten baita hemen. Datu horiek berresten dute eraginkorrak direla Gipuzkoan ditugun azpiegiturak, besteak beste, ontziak sailkatzeko Legazpiko planta, eta gure herritarren artean kontzientziazio maila handia dela».
José Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea, ontziak sailkatzeko Legazpiko plantaren instalazioetan bisitan egon da gaur arratsaldean, ontzien gaikako bilketari buruzko lurraldeko datuak jakinarazteko eta iragartzeko zer berrikuntza egin berri diren plantan, hango instalazioen eraginkortasun orokorra hobetzeko, kontsumoak murrizteko, aluminioaren eta metalen berreskurapena hobetzeko eta instalazioaren egokitzapen orokorra hobetzeko. Birmoldaketa horrek 250.000 euroko inbertsioa suposatu du.
Ontziak sailkatzeko Legazpiko eta Urnietako plantek Gipuzkoan sortutako ontzi hondakin guztiei ematen diete zerbitzu. Zehazki, Legazpiko instalazioak Debabarrena, Debagoiena, Sasieta, Urola Kosta eta Urola Erdian bildutako ontziak tratatzen ditu. 2018an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erabat birmoldatu zituen instalazioak eta, horrenbestez, planta hobetu eta haren edukiera hirukoiztu zuen.
Legazpiko instalazioetan, 11.000 tona ontzi baino gehiago tratatu ziren iaz. Gipuzkoan, hazkunde handia izan du ontzien gaikako bilketak 2015 ezkero; izan ere, 2021ean % 77ra iritsi zen, % 50 hazirik. Zehazki, Gipuzkoan batez beste 34 kg ontzi biltzen dira gaikakoan biztanle bakoitzeko, eta zifra hori askoz handiagoa da estatuko batez bestekoa baino: biztanleko 19 kg gaur-gaurkoz. Beraz, gipuzkoarrok Espainiako batez bestekoa ia halako bi bereizten dugu gaikako bilketan.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak, honako hau azpimarratu du: «Ontzi bilketaren emaitzek berresten dute arlo horretan buruan dagoela Gipuzkoa, Espainiako batez bestekoa ia halako bi bereizten baita hemen. Datu horiek berresten dute eraginkorrak direla Gipuzkoan ditugun azpiegiturak, besteak beste, ontziak sailkatzeko Legazpiko planta, eta gure herritarren artean kontzientziazio maila handia dela». Era berean, herritarren konpromisoa zoriondu nahi izan du Asensiok; izan ere, «urterik urte hondakin guztien gaikako bilketa hobetzen dugu». «Zenbait azpiegiturari esker –hala nola ontziak sailkatzeko Urnieta eta Legazpiko plantak– aurrera doa Gipuzkoa eta birziklatze datuak hobetzen ditu», ondorioztatu du.
Egin berri diren hobekuntzen helburua aluminioaren eta metalen berreskurapena handitzea da; horretarako, Foucault bereizgailu berri bat ezarri da aluminiorako, eta beste bereizgailu magnetiko bat metal ferrikoetarako. Era berean, hobekuntzak egin dira instalazioaren eraginkortasun orokorra perfekzionatu eta kontsumoak murrizteko. Horretarako, potentzia elektrikoa erregulatzeko ekipo berri bat instalatu da kontsumo elektrikoa murrizteko; LED luminariak, triaje postu berri bat, zinta eta egitura berriak eta trojeak zenbat betetzen diren kontrolatzeko kamerak jarri dira, eta erabiltzaileen komunikazio automatikoko sistemak hobetu dira. Orobat, plantaren egokitzapen orokorra egin da, seinaleztapena hobetuz eta komunak eta pintura egokituz.