2020 UZTAILA 21
Asensiok zabortegien aroa gainditutzat ematen du Gipuzkoan
José Ignacio Asensio: "Gipuzkoako Ingurumen Gunea ekonomia zirkularra gauzatzeko behin betiko bultzada bat da, gure hondakinak lehengai bihurtuko ditu eta energia sortuko du lehen gure zabortegietan lurperatzen genuenarekin".
Markel Olano diputatu nagusiak, Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari José Ignacio Asensiok eta gainerako foru-taldeak Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioak bisitatu dituzte gaur. Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) lortu ondoren, ekainean behin betiko martxan jartzea aurreikusten da. Bisitaldian, Gunearen lehen fasea osatzen duten azpiegiturak bisitatu dira, eta, hala, haien funtzionalitateak eta abian jartzeko prozesua ezagutu dira.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak azpimarratu duenez, GIGak zabortegien aroa behin betiko gainditzea eta ekonomia zirkularraren Gipuzkoaren hasiera dakar: “Hondakinak ez dira berriro zabortegietan lurperatuko, GIGarekin lehengai bihurtuko ditugu eta energia berriztagarria sortuko dugu”. Ingurumeneko diputatuak adierazi du, halaber, garrantzitsua dela Gipuzkoarentzat bere hondakinak modu seguru, moderno eta iraunkorrean kudeatzeko azpiegiturak izatea. Ildo horretatik, adierazi du Gipuzkoako Ingurumen Gune berria aurrerapauso garrantzitsua dela Gipuzkoan garapen jasangarria eta berreskuratze berdea bultzatzeko.
Bisitan, foru-diputatuek GIG-1 osatzen duten bi azpiegiturak bisitatu dituzte: tratamendu mekaniko biologikoko instalazioa (TMB) eta balorizazio energetikoko instalazioa (PVE).
TMBak 162.000 tonako edukiera du guztira, eta Gipuzkoak urtean sortzen dituen gainerako hiri-hondakinen batez besteko 135.000 tona kudeatuko ditu, nahasita datozen material birziklagarrien % 8 eta % 10 artean berreskuratuz (paper-kartoia, plastikozko ontziak, burdinazko metalak eta burdinazkoak ez diren metalak). Ondoren, hondakinak biolehortze-instalazio batera igaroko dira, pisua eta bolumena murrizteko, eta balorizazio-instalazioko energia-ekoizpena eraginkorragoa izateko.
Balorizazio Energetikoko Plantak (BEP) urtean 160.000 MWh sortuko ditu, 45.000 etxebizitza eta 130.000 pertsona inguru energia elektrikoz hornitzeko adina energia.
Ingurumen Guneko azpiegiturak martxan jartzearekin batera, Gipuzkoak abangoardiako zentro bat izango du hondakinak tratatzeko, 0 isurketa-sistema ahalbidetuko duena eta Gipuzkoak 2020. urtetik aurrera zabortegiak kenduko dituena. Hori guztia kudeaketa gardenarekin, Hondakinen Kontsortzioaren kontrol publikoak bermatua.